Koronabirusa azken aldian mundu osoan zehar zabaldu den epidemia baten arduraduna da. Birus honi buruzko informazio osoa eta egiazkoa emateko sortu da web orri hau, jasaten ari garen egoera ekarri duen birusari buruzko ezaugarriak biologiaren alorretik aztertu eta egoera honen ondorio izan diren testigantza eta esperientziak kontatzeko, euskara hutsean.
Duela gutxi izan dugu lehen aldiz birus honen berri, baina ez da gure bizitzan agertzen den lehen koronabirusa. Horietako lehena duela ia 60 urte aurkitu zuten:
-
HCoV-229E. 1966an aurkitu zuten. Gripearen antzeko arnas eritasuna eragiten die gizakiei.
-
HCoV-0C43. 1967an aurkitu zuten. Gripearen antzeko arnas eritasuna ere eragiten die gizakiei.
-
SARS-CoV Arnas sindrome akutu larriaren epidemia eragin zuen. 2002ko azaroan aurkitu zuten, Cantón probintzian, Txinan. Gaixotasun larria sor lezake.
-
HCoV-NL63. 2003an identifikatu zen Herbehereetan, bronkiolitisa zuen haur batean.
-
HCoV-HKU1. Txinako Hong-Kong hiriko bi gaixotan aurkitu zuten 2005ean.
-
MERS-CoV Ekialde Ertaineko arnas sindromea eragiten du. Gaixotasun infekzioso hori 2012an identifikatu zen lehen aldiz Saudi Arabian. Gaixotasun larria sor lezake.
Hala ere, naturan koronabirus gehiago daudela ulertu behar da, baina horrek ez du esan nahi guztiak patogenoak direnik. Birusek beren sekuentzia genetikoa etengabe aldatzen dute, eta horrek eragiten du, une jakin batean, giza espeziearentzat kaltegarria ez den birusa izatetik infekziosoa izatera pasatzea mutazio horren ondorioz.
Argi izan behar dugu birusak ez direla ostalaria hiltzen saiatzen. Izan ere, hori eragozpen bat besterik ez da haientzat, beste bizidun batzuen bila joan behar baitute bizirauteko. Birusen asmo bakarra ugaltzea da, Lurreko izaki bizidunen espezie guztiak bezala. Arazoa da erreplikatzean, zelula hiltzen dezaketela eta horrek erreakzio patologiko gehigarriak sor ditzakeela, SARS-CoV-2 gaixotasunarekin gertatzen den bezala.